2021eko Aurrekontu Parte-hartzailea

30 api 2020

1.- Zer da Aurrekontu Parte-hartzailea?

Aurrekontu Parte-hartzailea durangar guztientzat zabalik dagoen prozesua da, Udalaren aurrekontuaren zati bat zertan erabil daitekeen proposatu dezaten.
Durangoko Udalak, bere aurrekontuaren zenbateko bat erreserbatzen du Aurrekontu Parte-hartzaile horren zati gisa. Urtero, Udal Aurrekontuaren Proiektua egin aurretik prozesu honetan jasotzen diren proposamenak jasoko dira.
Dokumentu honetan jasotako azalpen guztien helburua da prozesu hori zehaztea, 2021. urteko aurrekontua egiteko.

2.- Zelako prozesua izan behar da aurrekontuen proiektuan proposamenak sartzeko?

Durangoko herritarrek proposamenak aurkezteko prozesua 2020ko maiatzaren 4an hasiko da, eta 5 fasetan banatuta egongo da:

1.- FASEA: ZURE PROPOSAMENAK
(maiatzaren 4tik 18ra)
Udalaren eskumeneko edozein eremuri lotutako interes orokorreko proposamenak aurkeztu ahal izango dira, hala nola: Durangoko eremu baterako hobekuntzak, gazteentzako, adinekoentzako ekintzak kultura-jarduerak, merkataritzaren sustapena …
Proposamen bakoitzari lotutako zenbatekoa ezingo da 100.000 eurotik gorakoa izan.
Prozesutik kanpo geratuko dira eduki difamatzailea, diskriminatzailea edo legez kanpokoa duten proposamenak.
2.- FASEA : "GUSTATZEN ZAIT"
(maiatzaren 18tik 24ra)
Durangoko herritarrek eta elkarteek egin dituzten proposamenen zerrenda bat argitaratuko da. Bertan, pertsona bakoitzak, NANaren bidez identifikatu ondoren, 5 proposamen aukeratu ahal izango ditu, "gustatzen zait" aukera sakatuz.
50 "gustatzen zait" baino gehiago dituzten proposamenak hurrengo fasera pasatuko dira, eta horien azterketa teknikoa egingo da.
3. - FASEA: AZTERKETA ETA BIDERAGARRITASUN TEKNIKOA
(maiatzaren 25etik ekainaren 19ra)
Udaleko sailek proposamenen edukia aztertuko dute ikuspuntu juridiko eta teknikotik, eta bakoitzaren aurreikuspen ekonomikoa ere egingo dute. Legez eta teknikoki bideragarriak diren proposamenak bozketa-fasera igaroko dira, beti ere, haien aurreikuspen ekonomikoa ez bada zehaztutako gehieneko zenbatekoa baino handiagoa.
4.- FASEA: BOZKETA
(uztail osoan)
Proposamenak partehartu.durango.eus webgunean eta bozketa-txarteletan argitaratuko dira. Beraz, Durangoko herritarrek honako bideetatik eman ahal izango dute botoa:
- Bozketa aurrez aurre egiteko prestatutako guneak. Bertan, boto-txartelak inprimatuta egongo dira, bozketa-fasera igaro diren proposamen guztiekin (gune horiek atonduko dira baldin eta alarma-egoera amaitzen bada eta horretarako aukera ematen badigute).
Pertsona bakoitzak, bere NANarekin identifikatu ondoren, guztira hiru proposamen bozkatu ahal izango ditu, 3, 2 eta 1 puntu-sistema baten bidez, bere iritziz garrantzitsuena den aukerari hiru puntu emanez. Izan ere, puntu gehien lortzen dituzten proposamenak izango dira aurrera eramango direnak.
5.- FASEA: PROPOSAMENAK UDALA-REN AURREKONTUAN SARTU
Boto gehien jaso dituzten proposamenak 2021eko ekitaldirako udal-aurrekontuan sartuko dira (2020ko iraila), ezarritako aurrekontua osatu arte. Dokumentua onartutakoan, udalaren webgunean argitaratuko da.

3.- Nork parte hartu dezake, proposamenak aurkeztuz, Udalaren Aurrekontu Proiektuan?

-Bi urtez edo gehiagoz Durangon erroldatutako eta parte hartzeko prozesua hasten den unean 14 urtetik gorako edozein pertsona (baldintza hori parte hartzeko proiektuaren fase guztietan bete behar da)
-Durangon erregistratuta dauden elkarteak

4.- Zelan aurkez daitezke Udalaren Aurrekontuaren Proiekturako proposamenak?

Partehartu.durango.eus webgunearen bidez, "Aurrekontu parte-hartzaileak" atarian.
Jasotako proposamen bakoitzari identifikazio-kode bat jarriko zaio; hartara, proposamena aurkeztu duenak haren jarraipena egin ahal izango du.

5.- Zein arlotako propo-samenak aurkez daitezke?

Udalaren eskumenekoak diren arlo guztietakoak,bereziki honako hauek:
  • Kultura eta Euskara
  • Lankidetza eta Giza Eskubideak
  • Berdintasuna
  • Hezkuntza
  • Kirolak
  • Aniztasun funtzionala eta mendekotasuna
  • Landa-garapena eta natura-ingurunea
  • Tokiko merkataritza eta turismoa
  • Enplegua
  • Gizarteratzea
  • Berrikuntza eta teknologia berriak
  • Adinekoak
  • Ingurumena
  • Haurrak eta Gazteria
  • Hirigintza eta mugikortasuna
Proposamenetan, gainera, ezingo da jaso pertsona, erakunde edo talde jakin batek gauzatzea. Izan ere, proposamen horiek udalaren aurrekontuen proiektuan sartzen badira, dagokion udal arloak kudeatuko eta izapidetuko ditu.

6.- Zein baldintza bete behar ditu proposamen batek Udalaren Aurrekontu Proiektuan sartzeko?

Oro har, Udaleko teknikariek honako hauek aztertuko dituzte proposamenak baliagarriak diren ala ez erabakitzeko:
  • Udalaren eskumena da? Proposamenak Udalaren eskumena izan behar du. Udalak jarduera batzuk egin ditzake, baina beste batzuk, ostera, beste administrazio batzuen mende daude.
  • Legezkoa da? Aztertuko da proposamena aurrera eramatea eragozten duen arautegirik dagoen edo guztion onuraren aurka doan, edota eduki iraingarririk edo diskriminatzailerik duen.
  • Garrantzizkoa eta interes orokorrekoa da? Proposamenak herri osoaren, auzo baten edo kolektibo handi baten onerako izan behar du, norbanakoen interesen aldekoa barik.
  • Bideragarria da? Proposamena teknikoki bideragarria den aztertuko da, baita gauzatzeko eragozpenik izan daitekeen ere.
  • Zenbat balio du? Proposamenaren kostua kalkulatzen saiatuko gara, eta 100.000 eurotik gorako kostua duten proposamen guztiak baztertuko dira.

7.- Zer informazio eman behar dut proposamenean?

Proposamena zure hitzekin deskriba dezakezu, kontuan izan zenbat eta hobeto azaldu, orduan eta errazago ebaluatuko duela Udalak. Gogoratu, zure proposamena egitean, zure datu pertsonalez gain, honako datu hauek eskatuko direla:

  • Proposamenaren izena (deskribapen laburra, izenburua).
  • Proposamenaren deskribapena, besteak beste, aurkezteko arrazoiak eta helburuak adierazita.
Nahi izanez gero, dokumentuak ere erantsi ahal izango dituzu (marrazkiak, planoak, argazkia …)

8.- Bada proposamenik egin ezin zaion jardueraren bat?

BAI. Besteak beste, ezin da arlo hauei buruzko proposamenik aurkeztu:
  • Langileak kontratatzeko gastuak.
  • Enpresen edo autonomoen kontratazioa, lanak egiteko eta zerbitzuak emateko.
  • Dirulaguntzak eta bestelako laguntzak familiei, irabazi asmorik gabeko erakundeei, fundazioei eta enpresa pribatuei.
  • Bekak, sariak, laguntza benefikoak edo asistentzialak ematea.
  • Diru-sarrera publikoei buruzko erabakiak.

9.- Gerta liteke aukeratuta-ko proposamenik ez gauzatzea?

BAI. Udalaren aurrekontuan sartutako proposamenak gauzatu aurretik, aurrekontuko gainerako partidekin bezala, kontrolatuak eta, zehatz, aztertuak izango dira. Aurrekontuen proiektuan sartu aurretik proposamena aztertu arren, gerta daiteke azken tramiteak egitean lehen aurkitu gabeko oztopoak agertzea. Horrela gertatuz gero, informazio hori webgunean argitaratuko da.

10.- Zelan jakin proposa-menak gauzatuko diren ala ez?

Behin aurrekontuak onartuta, honako webgune hauetan argitaratuko dira: partehartu.durango.eus, "Parte-hartze bidezko Aurrekontuak" atalean. www.durango.eus.
Euren jarraipena egin ahal izango da, Udalaren webgunean, aldian-aldian, argitaratzen diren aurrekontuen betearazpenari buruzko txostenen bidez.
Proposamena faseren batean atzera botatzen bada, proposamen hori egin zuen pertsonari jakinaraziko zaio zergatik ez duen aurrera egiten, baldin eta bere posta elektronikoa eman badigu.

11.- Urte osoan aurkeztu ahal zaizkio proposamenak Udalaren Aurrekontuaren Proiektuari?

EZ. Urtean behin eta epe jakinean bakarrik aurkez daitezke proposamenak; betiere, Udalaren Aurrekontuaren Proiektua egin eta onartu aurretik. Urtean zehar, ostera, herritarrek Udalera jo dezakete iradokizunak eta ekarpenak egiteko, Durangon dauden komunikazio eta partaidetzarako bideak erabilita:
  • Auzo- bileretan parte hartuta.
  • Udalaren webgunean: www.durango.eus
  • HAZ bulegoan.